1984an sortua, Herri Urrats elkarteak urtero, maiatzaren bigarren igandean Senpereko Aintziran, Herri Urrats besta antolatzen du. Aurten Herri Urrats maiatzaren 8an izanen da. Bertan lortutako emaitzak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako ikastolak laguntzeko erabiltzen dira.
Lehengo urtean, 5000 lagun bildu ziren elgarretaratzearen lehen edizioan, geroztik urtetik urtera arrakasta handiagoa biltzen joan da. Gaurregun 70 000 pertsona
inguru biltzen dira euskara eta Seaskako ikastolak sustengatzeko.
Besta honen helburua dirua biltzea da, eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuako ikastolak biltzen dituen Seaska federazioak behar duen finantzamendua, lanak edo eraikin proiektuak laguntzeko baliatzen da. Aurten, Herri Urratsi esker bilduko den dirua Kanboko Xalbador kolegioko lanen finantziazioa laguntzeko erabiltzea da xedea...
Herri Urrats, euskararen alde antolatutako besta bat da. Senpereko aintziraren inguruan egindako elgarretaratze bat, ikastolen lagun eta euskararen babesleen hitzordua ezin hutsegina bilakatu dena. Senperen hasia eta 28 urte berantago, oraindik bertan segitzen duena, Senpere toki zentrala baita euskaldun guziendako, eta Udalak antolakuntza errexteko eginahalak egiten baititu.
Urtetik urtera Ipar Euskal Herriko kultur mailako elgarretaratze handienetako bat bilakatu da besta hau. Milaka jende etortzen da zazpi probintzietatik eta urrunagotik ere, Senpereko aintziraren inguru zoragarrian egun alaitsu hortaz gozatzeko, eta euskararekiko atxikimendua erakusteko.
Besta hori Euskararen inguruko elkartasunaren adierazgarria da. Bere sortzetik, Herri Urratsek beti kondatu ahal izan du Hegoaldeko euskaldunen elkartasunarekin. Izan dadin kulturala edo ekonomikoa, Hegoaldeko laguntza baitezpadakoa da halako egun batean.
Kulturala, Hegoaldetik hainbat musika, antzerki eta dantza talde etortzen baitira urtero aintziraren bazterrak alaitzeko. Hizkuntza mailan ere Hegoaldeko jendearen presentzia beharrezkoa dugu, hemengo jendeari euskaldunok bat egiten dugula erakusteko, eta euskara aho gehiagotan entzuteko. Ekonomikoki bistan dena, denen aportazioa garrantzitsua zaigulako.
Zoritxarrez, azken urte hauetan, Hegoaldeko euskaltzale gutxiago hurbiltzen zaigu, eta horrek eragina du ; alde batetik emaitza ekonomikoan eta bestetik egunaren giroan ere. Lehen, euskara entzuten zelarik gune gehienetan, orain geroz ta frantsesa gehiago entzuten da.
Aurten beraz denen presentzia eta indarra behar dugu lehengo Herri Urrats egunak berriz biziarazteko. Euskaldunok, denok, bat egin behar dugu euskara eta ikastolen alde.
Herri Urrats bestaren etekinei esker (norbanakako, enpresa eta tokiko elkargoen diru emaitzekin batera) Seaskak 25 ikastola, 3 kolegio eta lizeo bat ideki ahal izan ditu. Ikastolen federazioaren parte diren zentroetako eraikinen garapena eta mantenua ziurtatzeko baliatzen da bereziki Senpereko bestatik lortzen diren irabaziak.
Oraingo ikastolen estatutuak (Estadoarekin elkartze kontratua) ikastolen gain uzten ditu zentroen irekierak, eraikuntzak eta egoitzen mantenua. Horregatik, 1996an, ikastolen
kontseiluak « Ikastolen Egoitzak » entitatea sortu zuen, egoitzen kudeaketaz arduratzeko.
Herri Urrats besta, Iparraldeko ikastola guzien jaia da, erran nahi baitu etekinak ikastolen beharren arabera banatzen direla. Hegoaldeko ikastolen jaiak, urtero ikastola baten esku baldin badaude, Herri Urrats, Iparraldeko ikastola guztietako buraso guzien gain da, eta hori urte guziz.
Bere sortzetik, 1996 urte arte, Herri Urratsen etekinak Xalbador Kolegioko eraikuntza eta egokitzetan baliatuak izan ziren.
1996ko uztailean, Ikastolen Kontseiluak "Ikastolen Egoitzak" batzorde iraunkorra sortu zuen, ikastola bakoitzak egoitza
egokiak izan zitzan bermatzeko.
1997ko urtarriletik, Ikastolen Egoitzak batzordeko aurreko lanari esker, Ikastolen Kontseiluak, Herri Urratsetik behar ziren diru zamak proiektu horietan xedatu zituen:
- Sohütako ikastolako eraikuntzan (lehenengo lanak), Angeluko eta Kanboko Errobi ikastoletako eraikuntzetan parte hartzea.
- Garaziko ikastolarentzat zelaiaren erosketan parte hartzea.
- Ortzaizeko ikastolako gela osagarri baten eraikuntzan parte hartzea.
- Sohütako ikastolako eraikuntzan (bigarren lanak) eta Urruñako ikastolaren eraikuntzan parte hartzea.
- Garaziko ikastolako zelaiaren erosketa.
- Amikuzeko ikastolarentzat prefabrikatu baten erosketa.
- Oztibarreko ikastolako egoitzen egokitzean parte hartzea.
- Donaixti, Ziburu eta Xalbador Kolegioetako eraikuntzen egokitzea.
- Sohütako ikastolako eraikuntzan (azken lanak) parte hartzea.
- Hazparneko ikastolarentzat prefabrikatu baten erosketa.
- Garaziko ikastolako zelaiaren I.V.A.ren ordainketa.
- Senpere, Bernat Etxepare (Seaskako lizeoa), Aloze eta Piarres Larzabaleko (Ziburuko kolegioa) egoitzen egokitzeak.
- Garaziko ikastolarentzat prefabrikatuen erosketa.
- Kanboko Errobi ikastolarentzat itzalkarien erosketa.
- Donaixti kolegioko handitzea.
- Urruñako ikastolako handitzea.
- Amikuzeko ikastolako karguen ordainketa.
- Donaixti, Ziburu eta Xalbadorreko Kolegioetako egoitzen egokitzeak.
- Hiriburuko ikastolako sorkuntza.
- Garazi eta Hazparneko ikastoletako eraikuntzetan parte hartzea.
- Donaixti, Ziburu eta Xalbadorreko Kolegioetako egoitzen egokitzeak.
- Urruñako ikastolako handitzea.
- Oztibarreko ikastolarentzat, aterbe baten eraikuntza.
- Angeluko ikastolarentzat prefabrikatu baten erosketa.
- Donaixti: Lasako ikastola oihatik, 2 prefabrikatu eramatea Donaixtira.
- Urruña : Lasatik Urruñara prefabrikatu bat eramatea.
- Angelu : prefabrikatu baten alokatzea eta ezartzea, diru laguntzen bidez, Herriko etxeak gastuak itzuliko ditu.
- Hiriburu: 60 m2-ko ikasgela eta 35 m2-ko aterpea muntatzea.
- Ortzaize: Lasako azken prefabrikatuak berreskuratzea. Burasoek obra handiak egin zituzten eta Ikastoeln Egoitzak materiala hornitu zuen.
- Oztibarre : arraberritze lanak.
- Ziburu: bi ikasgela (prefabrikatu) eta lau komun ezartzea.
- Baionako Polo ikastola: 45 metro karratu prefabrikatu baten alokatzea.
- Baionako Polo ikastola: bigarren prefabrikatu baten alokatzea.
- Angeluko ikastolan lehen mailako klasearen idekidura.
- Arberoako ikastolaren idekitzea Donamartirin.
- Izurako ikastola eta Donaixtiko Manex Erdozainzi Kolegioa Lartzabaleko eraikin berrietan kokatzea.
- Bidarten, ama ikastola bat idekitzea.
- Ortzaizeko ikastolako obrak finantzatzeko laguntza.
Aurten, Herri Urratsi esker bilduko den dirua Xalbador kolegioko obren finantzatzioa laguntzeko baliatuko dugu.